Intsusa landare oso erabilia da sendabelar gisa, izan ukendu edo infusio moduan. Aspirina medikamentu industriala izatez intsusatik ateratzen da ere.
Gurean tradizionalki honakoak tratazeko erabili izan da:
- Arnas-arazoak
- Zauriak, erredurak, kolpeak, herpesak eta bestelako azal-arazoak
- Sukarra txikitzeko, izerditzeko eta mukiak botatzeko
- Begiak garbitzeko, adibidez konjuntibitis kasuetan
- Aurpegiko azala leuntzeko
Halare, kontuz ibili behar da intsusa kontsumitzerakoan ez baitago espezie bakarra gure artean eta batzuk pozointsuak izan daitezkelako!
Beraz segidan azalduko det nola ezberdindu gurean euki ohi ditugun espezie ezberdinak:
Intsusa beltza (Sambucus nigra)
Hau da euskal herritar medikuntzan erabiltzen dan espeziea.
Zuhaixka itxura hartzen du, egur biguinezko enborrak sortuz, eta 4-6 metroko altuera hartu ohi du. Udaberri bukaera aldean loratzen da eta fruitu more-ilun edo beltzak ditu, lurrera begira geratzen direnak.
Lore sorta bakoitzeko loretxo guztiak maila berberan hazten dira [ikusi goiko argazkia].
Loreak txuri eta horixkak dira.
Espezie honen loreak, fruituak, hostoak eta egurra erabili daitezke. Fruituak jangarriak badira ere, ilun-ilun daudenean bakarrik jatea gordinik gomendatzen da. Sukaldatuta ez dago inolako arrixkurik.
Andura (Sambucus ebulus)
akamailu, mausa eta zihaurri bezela ere ezagutzen da.
Landare hau oso ohikoa da euskal lurraldeetan baina ez degu intsusa beltzarekin nahastu behar, andura pozointsua delako.
Enbor gabeko landarea da, gehienez 2 metroko altuera ingurura iritsi daitekena. Udaran loratzen da, intsusa beltza baino beranduago, eta fruitu more-ilun edo beltzak ditu ere, baina hauek zerura begira egoten dira.
Anduraren lore sorta bakoitzean lauzpabost sorta txikiago egon ohi dira, bakoitzak forma borobildua duelarik. Eta garrantzitsuena: loreak txuri-arroxkak izaten dira.
Espezie honen sustraiak erabiltzen direla irakurri izan det, baina EZ da gomendatzen ezagutzarik gabe erabiltzea POZOINTSUAK direlako hostoak eta fruituak.
Hostoak txikituta usain desatsegina botatzen dute. Landarea identifikatzeko erabili daiteke metodo hau.
Intsusa gorria (Sambucus racemosa)
Nik espezie hau ez det ikusi inguruan (Buruntzaldea eta Goierri, Gipuzkoan), dirudienez 1000 metrotatik gorako altueran agertzen delako.
Ipar Amerikako herriek erabili izan dute tradizionalki.
Zuhaixka itxura hartzen du, egur biguinezko enborrak sortuz, eta 4-6 metroko altuera hartu ohi du.
Fruitu gorri-gorriak ditu, lurrerantz eroriak aurkitzen direnak.
Loreak gezi forman hazten dira, adar bukaerara iritxi ahala lore gutxiago dituelarik.
Loreak horixkak dira.
Fruituak sukaldatuta soilik jan behar dia, bestela pozointsuak dialako.